XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak.

Foru Dekretuak

235/1996 FORU DEKRETUA, ekainaren 3koa, Navarra de Medio Ambiente Industrial, S.A. sozietatea eratzen duena.

Hondakin berezien kudeaketari buruzko irailaren 20ko 13/1994 Foru Legearen 12. artikuluak ezartzen du, aplikagarria den legerian aurreikusitako moten bitartez, Nafarroako Gobernuak bere esku izanen duela kapital publikoko edo kapital gehiena publikoa duen enpresa bat, hondakin bereziak kudeatzeko izaera juridikoa izan eta hondakin berezien kudeaketa publikoa eginen duena.

Lege agindu berak ezartzen du enpresa horrek jarduketa, inbertsio eta, hala behar denean, finantzaketa programa prestatu eta urtero Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztuko duela ekitaldi bakoitzaren aitzineko hiruhilekoan.

Foru Lege horren Zioen Adierazpenean honako hau azpimarratzen da: sozietate horrek hondakinak kudeatzeko tresna garrantzitsu bihurtzea du helburu, Plan Kudeatzailea urteko jarduketaren programa publikoen bitartez aplika dadin arduratuko delarik.

Bertzalde, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 15/1995 Foru Legearen hogeita zazpigarren xedapen gehigarriak aditzera ematen du Nafarroako Gobernuak hondakin bereziak kudeatzeko sozietate publikoaren sorrera bultzatuko duela, Hondakin Bereziak Kudeatzeko Foru Legean eta etorkizunean lege hori garatuko duen Kudeaketa Planean zehaztuko diren xedapenetan aurrikusitakoaren arabera;

horrez gain, honako hau gaineratu zuen: sozietate horretan Nafarroako Gobernuaren partehartzea beti izanen da handiena.

Xedapen hori betetzeko asmoz, Nafarroako 1996.eko Aurrekontu Orokorren gastu-egoerak Ingurugiroaren kudeaketa programaren barnean Hondakin Bereziak Kudeatzeko Sozietateari egindako kapital ekarpena izeneko 30000-31110-8501-4421 aurrekontuko kontusaileko 12210-4 lerroa 25.000.000 pezetako aurreikuspenarekin finkatzen du.

Halaber, Nafarroako Gobernuak, 1996.eko martxoaren 18an, Hondakin Berezien Plan Kudeatzailearen proiektua onetsi zuen eta Nafarroako Parlamentura igortzea erabaki, han eztabaidatu eta, hala behar bada, onets dadin.

Aipatutako lege aurreikuspenak gauzatzeko asmoz, bidezkoa da aipatu enpresa publiko hori sortzea; horren helburu soziala, aurrekoez gainera, hondakin horien prebentzioa, ikerketa, garapen teknologikoa, minimizazioa, birziklapena eta balorazioa lor daitezen bideratutako jarduera industrialak bultzatu eta sustatzea da.

Horrenbertzez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak eta Industri, Merkataritza eta Turismo kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko ekainaren hiruan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,DEKRETATU DUT:

1. artikulua.

Navarra de Medio Ambiente Industrial, S.A. merkataritza sozietatearen eraketa onestea.

2. artikulua.

Aipatu sozietate horren estatutuak, Foru Dekretu honen eraskinekoak, onestea.

3. artikulua.

Sozietatearen kapital soziala 25.000.000 (hogeita bortz milioi) pezetakoa da, hau da, 100.000 pezetako 250 akzio izendun, 1etik 250era bitarte hurrenez hurren zenbakitutakoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak oso-osorik harpidetu eta ordainduak.

4. artikulua.

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari ahalmena eman zaio Nafarroako Foru Komunitatearen izenean sozietatea eratzeko egintzara joan dadin, Estatutuak onets eta sina ditzan, administratzaile karguak hartu behar dituztenak hauta ditzan eta sozietatea eratu eta inskribatzeko beharrezkoak diren zeinahi egintza, izapidaketa eta kudeaketa egin ditzan eta, orobat, beharrezkoak diren baliabide material eta pertsonalez horni dezan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Kapital soziala ordaintzeko gastuak Nafarroako 1996.eko Aurrekontu Orokorren gastu-egoerako 31110-8501-4421 kontusaileko 12210-4 lerroaren kargura izanen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari baimena eman zaio Foru Dekretu hau bete eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.

-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko ekainaren hiruan.

-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Javier Otano Cid.

-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Javier Luis del Castillo Bandrés.

-Industri, Merkataritza eta Turismo kontseilaria, Iñaki Cabasés Hita.

ERASKINA

Navarra de Medio Ambiente Industrial, S.A. sozietatearen estatutuak

I. TITULUA

Izena, iraupena eta xede soziala

1. artikulua.

Izena.

Navarra de Medio Ambiente Industrial, Sociedad Anónima izeneko sozietate anonimoa eratu da; honako Estatutuetan eta horietan aurreikusita ez dagoen orotan edo nahitaez bete beharrekoa denetan, Sozietate Anonimoen Legean, aplikagarria zaien foru legerian eta, hori izan ezean, Estatuko legerian xedatutakoaren arabera arautu da.

2. artikulua.

Helbidea.

Sozietatearen helbidea Iruñeko Alondegi kaleko 1-1.ean egonen da; Administrazio Kontseiluak hala erabakitzen badu helbidea lekuz alda dezake, baita nonahi filialak, sukurtsalak, delegazioak, agentziak, gordailuak eta ordezkaritzak sortu ere.

3. artikulua.

Iraupena.

Sozietatea mugagabea da eta eraketa eskritura izenpetzen den egunetik aitzina abian jarriko da.

4. artikulua.

Xede soziala.

1. Sozietatearen xede soziala honako hau da: hondakin industrialen kudeaketa, ikerketa eta garapen teknologiko, tratamendu, berreskurapen eta birziklapenarekin lotutako jarduerak sustatzea, hondakin horiek indarra duen arauteriak toxiko, arriskutsu, berezi, ez-arriskutsu edo geldotzat jotzen baditu, eta, orobat, horretarako beharrezkoak diren jarduera osagarriak, gehigarriak eta lagungarriak.

2. Bereziki, izanen dituen ahalmenen artean, hauek:


a) Hondakinak bildu, biltegitu, garraiatu, tratatu, berreskuratu eta deuseztatzeko eragiketak.
b) Hondakinetako energia eta lehengaiak berreskuratzea.
c) Hondakinekin eta prozesu garbiekin edo hain kutsagarriak ez direnekin zerikusirik duten teknologia berrien ikerketa eta garapena.